Joan den hilabetean Eduardo Muñoz Bachs gogoratu genuen atal honetan, Kubako zine karteletara diseinu grafikoa ekarri zuen gizona. Baina zinema eta diseinu grafikoaren ezkontzan bidea ireki dutenen Aita Santua Saul Bass iparramerikarra da (1920-1996). Preminger, Hitchcock, Wilder, Kubrick, edo Scorseserentzat egin zituen hirurogehi bat kartel eta oinordetza izugarria utzi. Eta hala ere, zineman bainoago diseinu grafikoan egin zuen ekarpena, Exxon, AT&T, Bell, Warner, Girl Scouts, Geffen, Kleenex eta beste hainbat enpresaren irudi korporatiboa sortuz. Argazkilaria izan zen, marrazkilaria, packaging arduraduna, arte zuzendaria, eta laburmetraien errealizadorea. Behin, baita zientzia-fikziozko filma baten zuzendaria ere!
Tolesgabe, zintzo hitz egin zuen itzal handiko New Yorkeko Arts Director´s Clubean onartu zutenean. «Nire lanak ez du glamurrik. Langilea naiz. Baina langile gehienak baino zorte hobeduna, agian, lan erabilgarria egiten dudalako, eta batzuetan neuri zein inguruan ditudanei ona iruditzen zaigu». Bassek ukatu egin zuen beti bere lanean inspirazio magikorik zegoenik, eta mito hori diseinatzaileek elikatua zela onartu zuen, erabat irrazionalak ziren adierazpenekin: «Tira, jatetxean nengoen eta ahozapian hauxe marraztu nuen». «Bizarra egiten nengoen eta halako batean…» «Hegazkinean nentorrela…» «Hartu taxia eta hara!» Gogorregi ere ez zuen jo Saul Bassek halakoak esaten zituztenen kontra, ostera, «gaiztakeriarik ez dute, benetan horrela gertatu zela sinetsi nahi dute».
Otto Premingerrekin hasi zen Bass zineman, austriarrak Carmen Jones (1954) musikalerako kontratatu zuenean. Alfrech Hitchcock liluratuta geratu zen Bassek Premingerrentzat egindako kartelekin zein The Man with the Golden Arm filmako lanarekin, eta Vertigo (1958) egiteko kontratatu zuen. Bien artean kartel eta kreditu-sekuentzia gogoangarria sortu zuten, Bassen onenetakoa, eta sintesi grafikoaren adibide bikaina. Silueta bi: bata maskulinoa, masa beltza; bigarrena femeninoa, hutsa. Espiral zuriari esker abiada bizian erortzen ari direla dirudi, nahiz eta bidimentsiotako irudi estatikoak diren. Tipografia eskuz marraztuta dago: beltzez fondo gorriaren gainean.
North by Northwest (1959) egin zuten Bass eta Hitchcockek gero eta Psycho (1960) ondoren, haien arteko harremana erabat gaiztotu zuen lana. Bassek ez zuen kartela egin baina diotenez berak marraztu zuen filma grabatzeko erabili zen storyboard osoa, dutxako sekuentzia gogoangarria barne. Zuzendu ere egin zuela esan zen eta Hitchcock haserretu, diseinatzaileak bere aginduak jarraituta marraztu zuela argudiatuz. Eztabaida hortxe geratu zen, Bass ez baitzen gatazka-zale. Nahiago zuen Elanie Bass emaztearen laguntzarekin egin ohi zuen lanarekin buru-belarri sartuta bizi.
Bere lanaren alderdi hori oso ezaguna ez bada ere, 1960 eta 1970eko hamarkadetan zinema zuzendaritzan aritu zen Bass eta Oscarra ere irabazi zuen, gainera. 1968an izan zen, gizateriaren sorkuntza gosea aldarrikatzen duen Why Man Creates laburmetraiagatik. Beste film labur nahikotxo egin zituen gero eta Phase IV luzemetraia ere bai, inurriek menderatutako munduan girotua. Zuzendari moduan egindako ibilbideak, ostera, ez zuen lortu berak espero zuen arrakastarik eta 1990eko hamarkada bitartean agindutako lanekin ibili ziren, publizitatearen munduan eta enpresentzako diseinuak egiten. 1990eko hamarkadan deitu zuten zinemarako berriro edo deitu zuen, hobe esanda, Martin Scorsesek Goodfellas (1990) ederraren kredituak egiteko. Elaineren laguntzaz egindako lanarekin pozik, Scorsesek Cape Fear (1991) eta The Age of Innocence egiteko ere deitu zuen. Zuzendari handiaren Casino (1995) filmako kredituak izan ziren Saul Bassen azken lana, 1996an hil baitzen. Azken urteetan, Oscarretako kartelak ere egin zituen, eta oinordetza miragarria osatu.
Izan ere, Bass diseinu grafikoaren jenioa izan zen eta XX. mendeko kartel eta kreditu onenetakoak utzi zizkigun. Ezezagunenetako bat aurkitu nuen behinola, Spielbergen Schindler´s List filmako kartel erabili gabea. Bere estiloaren laburpen ederra da: indar handiko ideiak, orekarik gabeko konposizioak, koloretako eremu handiak. Kolpea eragiten duten lanak, beti. Bere proposamen minimalistak, ostera, ez zuen zerikusi handirik 1990eko hamarkadako estilo gainkargatu eta sofistikatuarekin eta kartela ez zen inoiz erabili. Pena da.
nbr 125 aldizkarian argitaratuta (2011ko azaroa-abendua)