Kubak eman duen diseinatzaile emankor eta ezagunenetakoa izan da. Eduardo Muñoz Bachs Valentzian jaio zen, 1937an, eta erbeste errepublikazaleak eraman zuen Kubara. Han, berrogehi urte luzez, genero eta jatorri guztietako filmetarako kartelak egin zituen. Denak bere-berea zuen estiloan, edonon ikusi eta berehala ezagutzen den estiloan.

Beti pentsatu izan dut zinemarako kartelak diseinatzea liburu baten azala edo beste edozein diseinu egitea baino errazagoa zela. Azken batean, irudi asko dituzu eskura. Baina, Kubako kartelak ikustean ziurrenik oker nabilela iruditzen zait.

Muñoz Bachs izan zen Historias de la Revolución filmarekin ICAICren (Instituto Cubano del Arte e Industria Cinematográficos delakoaren) tradizio grafiko bikainari hasiera eman ziona. Lengoaia desberdina erabiltzen hasi zen, 1959ko iraultzaren aurretik zinemagintzak zerabiltzan estereotipo publizitarioak erabat bazterrean utziz.

Neurri estandarizatua zuten kartel horiek –51×76 cm–, era guztietako teknikekin inprimatu ziren (serigrafia, offset…) eta Artearekiko maitasunez egindako lan autonomo bilakatu dira: iragartzen zuten filma bulgariar edo sovietar astuna baino askoz interesgarriagoak egiten zaizkigu, maiz.

Muñoz Bachs kubatarraren lanak ilustrazioak duen onena jaso zuen, bereziki karikatura eta marrazki bizidunetatik hurbil zegoen guztia. Estilo tipografiko oso zehatza sortu zuen, gainera, bere kartel guztietako textuak banan-banan idatzi baitzituen. Era horretan, ezaugarri pertsonal eta berezitzailea eman zien guztiei.

1962an, Charles Chaplinekin edo, hobe esanda, haren Charlot pertsonaiarekin lanean hasi zen. The Gold Rush filmaren kartelarekin hasi zen, baina Charloten aurpegia hain zen sintetikoa eta ezagutzeko hain erraza –hiru edo lau osagai baino ez ziren behar horretarako–, berehala bihurtu zitzaiola zinema osoaren ikur.

Charloten inguruko seriea bere azken diseinuarekin bukatu zen, New Yorkeko Habana Festival jaialdiarentzat egindako lanarekin. 2001an egin zuen eta handik hilabete gutxira hil zen.

nbr 124 aldizkarian argitaratuta (2011ko urria)

Pin It on Pinterest