Zergatik jotzen da lehiaketa sistemara?
Lehiaketek oso kostu baxua dute dei-egileentzat. Ematen den sariak gutxitan gainditzen du lan bera egiteko profesional bat zuzenean kontratatuz gero merkatuaren batezbestekoaren arabera ordaindu beharko litzatekeen diru kopurua (kasu honetan, horretatik oso urrun dago). Hori pizgarri ukaezina da antolatzaileentzat, izan ere uste baitute modu horretan ideia gehiago lortuko dutela, askotarikoak eta kostu txikiaz. Eta hala jokatzen dute pentsatuz —gehienetan uste ustela dena arren— ideiak ugariagoak eta askotarikoagoak diren neurrian, errazagoa izango dela irtenbide egokiena topatzea. Kantitateari, aniztasunari eta kostu baxuari beste abantaila bat ere eransten zaio, baztertu egiten baitira denbora, arreta, egokitasuna eta kudeaketa-gaitasuna eskatzen duten zenbait arazo: gaia sakon aztertzea, antzerako kasuak begiratzea, programa zehaztea, merkatua aztertzea profesional egokiak bilatzeko, zerbitzuaren ordainsaria eztabaidatzea, irtenbide egokiena lortzeko prozesuan parte aktiboa hartzea eta horretarako argibideak ematea (bai eta konfidentzialak ere), etab. Erakunde publikoen eta Gobernuz Kanpoko Elkarteen alorrean, kudeaketari gardentasuna eta zilegitasuna —itxuraz behintzat— emateko erabili ohi dira diseinu grafikorako lehiaketak. Gardentasuna, lehiaketa publikoa eta irekia delako eta proposamenak egilea nor den kontuan hartu gabe epaitzen direlako (ezizenez aurkezten baitira), eta gizartearen aurreko zilegitasuna parte hartzeak berak eta inplikatutako aldeen laguntzak eskaintzen du. Baina parte hartzaile guztien ikuspuntutik begiratuta eta kontuan hartuta irabazten ez dutenek —hau da, ia denek— ez dutela ezer jasotzen eskainitako denbora eta diruaren truke, benetako iruzurra gertatzen dira era honetako lehiatzeak, «aukera-esparru demokratiko eta partehartzailea» direlako itxurak egoki maskaraturik. Izan ere, inondik inora demokratikoak ez diren kontuak gertatzen baitira lehiaketa guztietan: epaimahaikideen hautaketa, saria lortuko duen asmoaren aukeraketa eta lehiaketa deitzeko erabakia bera.
Zergatik izaten dira, gehienetan, txarrak emaitzak?
Lehiaketetarako oinarri aurkezten ohi diren programak (baldintza pleguak) ez dira nahikoa zehatzak izaten eta parte hartzaileek, kasurik hoberenean, euren kabuz aztertu behar dute egoera eta programa propioa sortu, informazio osoa izan gabe eta beharrezko atzeraelikadurarik gabe. Horrela bada, aurkeztutako ideiek programa zeharo ezberdinei erantzuten diete, bezeroarekin egiaztatu gabeko hipotesi eta usteetan oinarrituak, programa bakar eta doitu bati erantzun ordez. Eskema horrekin, benetan zaila da sortzen diren ideiak eraginkorrak izatea. Medikuari ezin zaio eskatu kontsulta bakar batez gaixotasun larri bat sendatzeko, baina bai nonbait diseinugile, publizista eta antzerako “sortzaileei”. Ospe apur bat edo besterik gabe lana eskuratzeko asmotan, eta kalitatezko zerbitzua eskaini ezinik, parte hartzaileek, gehienik ere, saioa egingo dute, airera egingo dute tiro jomugaren bat erdietsiko dutelako esperantzan; maiz, gainera, epaimahaikideek ustez izango dituzten gustuei gehiago erreparatuz, eskaintzen den irtenbidearen eraginkortasuni baino. Alabaina, arazoa ez da horretan amaitzen. Ideiak aztertzerakoan, epaimahaikoek ere —sarritan epaimahaikide gehienak ez dira teknikoak— ez dutenez arazoa behar bezala aztertu eta epaitu beharreko proposamenak zein programarekin erkatu ez daukatenez, programa berri bat inprobisatu beharko dute edo “gustu onean” baino oinarritzen ez den erabakia amateurra hartuko.
Zer jarrera hartu behar du diseinuko profesionalak?
Erakundeek abokatuak, auditoreak, marketing aholkulariak, finantza aholkulariak, software egokitzaileak etab. kontratatu beharra dutenean —eta zerbitzu horiek guztiek ere asmo onak behar dituzte— ez dituzte normalean lehiaketak deitzen. Irudiarekin eta komunikazioarekin lotutako zerbitzuetan ordea, hala egiten da, agian ikusi eta ukitu daitezkeen produktuak direlako azken emaitza. Eta buru-azkartasun, arte, dekorazio eta gustu onarekin lotutako produktutzat hartzen direnez, denek jotzen dute beren burua horiek epaitzeko gai. Benetako aldea, baina, hauxe da: lehiaketa baterako deialdia egiten duen bezeroak zerbitzua kontratatu ordez produktua erosten duela. Eta produktu hori lehenagotik ez dagoenez, erakusleihoei begira aukeratu ezin denez, profesional zenbaiten eta are zaletuen ospe nahiaz edo lan beharraz baliatzen da, kosturik baxuenean asmo katalogoa eskuratzeko. Argi dago zerbitzu bat kontratatzerakoan produktua erosten ari baikina jokatzen badugu zaila izango dela zerbitzu ona hartzea ordainean. Oso lanbide gutxitan eskatzen zaie hautagaiei lana egiteko, gero eroslearen esku uzteko zeini ordainduko zaion erabakitzea. Errez asma dezakegu zer erantzun hartuko genukeen baldin eta dozena bat abokaturengana joko bagenu lan jakin bat egiteko eta egin ondoren erabakiko bagenu zein baliatu eta zeini ordaindu. Edo zenbait haginlariri eskatuko bagenie musu truk lan egiteko, gustukoen zein dugun erabaki artean. Diseinu lehiaketak literatura, pintura eta antzekoen lehiaketen pare jartzen ohi dira. Alabaina, funtsezko desberdintasunak badaude horien artean eta ez zaie beti behar bezala erreparatzen. Esaterako, lehiaketa “artistikoetan” aurkezten diren lanak ez dira halabeharrez horietarako bereziki prestatzen, ad hoc; beste ekinaldi baterako ere balio dezakete, eta saritzen dena talentua da gehien bat. Diseinu eta publizitate lehiaketak ordea ez dira antolatzen parte hartzaileen talentua saritzeko, ez bada bezeroaren arazo jakinetarako konponbide eraginkorrak aurkitzeko. Konponbide horiek ez dute balio beste lehiaketa batzuetara aurkezteko.
ICOGRADA-k (International Council of Graphic Design Associations – Diseinu Grafikoko Elkarteen Nazioarteko Kontseilua) proposatutako diseinu alorreko lehiaketa publikoak normaltzeko oinarrizko arau ez oso zorrotzei kasu eginez gero, diseinu grafikoko profesional batek ezin du Gerediaga Elkarteak deitutako lehiaketan parte hartu, sariari dagokionean zera adierazten baitu aipatu Kontseiluak:
Sariak:
Eskudirutan emango diren sariak, merkatuko balorearen gainetik balioetsi beharko dira…
Eta, epaimahaiari dagokionean, honela azaltzen du:
Epaimahaikideak:
Epaimahaikideen izenak zehatz aipatu beharko dira, bai eta zein kargu duten. Epaimahaikide gehienak jardunean dauden diseinatzaileak izango dira edo, bestela, diseinuaren esparruko bestelako profesionalak; sekula ere ez da erantzukizun osoa utziko “artista lokala” tankerako figurengan. Eta urrats bat gehiago eginda, nire ustez, lehiaketa ireki horietan parte hartuta, profesionalek oniritzia ematen diote iruzurrari beren profesionaltasuna kolokan jartzen duten aldi berean zeren, tazituki onartu egiten baitute:
• prest daudela duinak ez diren baldintzetan (doan) lan egiteko eta, beraz, beren lanak, denborak eta ideiek ez dutela balio handiegirik, hutsaren truke ematen baitute hori dena.
• programarik gabe lan egiteko prest daudela, itsu-mustuan eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko beharrezkoa den atzeraelikadurarik gabe eta, ondorioz,
• euren xedea ez dela kalitatezko zerbitzua ematea, ez bada lehiaketa irabaztea ospe profesionala edo lana eskuratzeko.
Antza denez, lehiaketen «birusak» «infekzio» ugari sortzen ditu munduan eta, hortaz, profesionalak hasiak dira «antigorputzak» lantzen: horrela, kontzientziazio ekimen garrantzitsuak abiatu dira lehiaketak «lan eskari espekulatibotzat» jo daitezen (ingelesez spec work), izan ere, hori besterik ez baitira.
Txalaparta Hitzak & ideiak 36. 2007ko udazkena