SANROKE

Ez ziren hiru hilabete izan

Batzuetan aparteko motibazioarekin ekiten diegu zenbait proiekturi, eta liburu honen azala sortzeko prozesua horietako bat izan da, dudarik gabe, parekotasun handia baitago nire familiaren eta nobela honetako protagonisten artean. Liburuko pertsonaiak bezalaxe, gure aita eta bere bi neba-arreba txikiak Habana baporean ontziratu ziren  Santurtzin, 1937ko maiatzean, Bilbo faxisten esku eroriko zela iragartzen zuten bonbetatik ihesi. Ingalaterrako egonaldia laburra izango zela uste zuten askok hasieran, «gehienik ere, hiru hilabete», baina gure etxekoen kasuan bi urte pasako erbestealdia bilakatu zen.        

Bizipen horrek betirako markatu zuen gure aita, eta gogoan dut garai hartako pasadizo asko kontatzen zizkigula txikitan. Gehienak alaiak ziren; esaterako, Salvation Army-ko (Salbazio armada) kideek buruz ikasarazitako himno erlijiosoak kantatzen zizkigun, sekula ez baitzituen ahaztu haiekin egindako udaleku batean ikasitakoak. Eta jan kontuak ere aipatzen zizkigun, etxea gogoratuko zietelakoan ematen zizkieten baba gozo batzuk edo paseoetan ase arte jaten zituzten fish & chips haiek adibidez.

ESTEBAN MONTORIO URIBARREN

Diseinu grafikoan aritzen naiz, Bilbon bizi naiz eta nire lanarekin gozatzen dut.

Ingelesa ikasteaz gain, denboratxo batez Arte eta Lanbideetako ikastetxe batera joateko aukera izan zuen. Eta niri ere helarazi zizkidan garai haietako zenbait gauza: arratsalde erdian te on batez gozatzeko ohitura, kalitatezko akuarelak bereizteko gaitasuna, kolore askoren izenak… 

Urteek aurrera egin ahala, haren bizipen saminagoen berri ere izan nuen, eta jakin nuen gutxitan aukeratzen zutela boluntario ingelesek igandeetako ibilaldietara eramateko, ume txikiak nahiago baitzituzten eta aita ordurako nerabea baitzen. Eta jakin nuen, baita ere, anaia zaharrena ez zuela berriro ikusi, aita erbestean zen artean hil baitzuten, Ebroko guduan, 18 urte bete berri zituela.

Liburuaren azalerako dokumentazio bila, altxor bat topatu dut, prentsa argazki bat, non Salbazio Armadaren Londreseko egoitzara heldu ziren lehen euskal umeak agertzen diren. Eta haien erdian, aita ezagutu dut! (pena, hark jada ezin ikustea).

Gauzak zer diren, orain, gizon heldua naizela, gure aita izan zen ume haren begirada galdu eta tristean antzeman ditut bizirik zela adierazi ez zizkidan beste sentimendu guztiak. Ezin izan diot eutsi masailean behera irristatu zaidan tristura malkoari.

Txalaparta aldizkarian argitaratua

2021eko uda

¿Quieres recibir nuestros artículos antes de que sean publicados?
Suscríbete a nuestro impresionante boletín.

4 + 10 =

Pin It on Pinterest