35 URTE
Anjel Rekalderen Herrera prisión de guerra izan zen lehena; Paco Ignacio Taibo IIren La vida misma, azkena. Tartean, 35 urte joan dira; ehunka azal eta barrualde, milaka buruhauste, poz, erronka eta anekdota. Txalapartako egungo taldeko kiderik beteranoena da Esteban Montorio Monti diseinatzailea. “Azalak egiten zituena” baino askoz gehiago izan da argitaletxearentzat: haren nortasun grafikoa sortu zuen, eta katalogoko liburu bakoitza jantzi du, hitzen mamia kolore eta forma bihurtuz. Txalapartarekin batera egin du bidea, eta jubilatu berritan, atzera begira jarri da une batez, bizitza oso bateko irudiak ordenatzen jarraitu aurretik.
Liburu baten azala irudi eder bat baino gehiago da: komunikazio-tresna bat da”.
Editoreok asko ikasi dugu zurekin. Aspektu teknikoez harago, hauxe behin eta berriz errepikatu diguzu: «Azal batek ez du liburua esplikatu behar». Zer egin behar du azal batek? Zer lortu behar da?
Esaldia ez da nirea, lan-bizitza osoan neure egin eta defendatu badut ere. Alianza editorial argitaletxeko azal ikonikoak sortu zituen Daniel Gil (1930-2004) diseinatzaile grafikoak esan zuen, adierazteko liburu baten azalaren diseinuak balio erantsi bat izan behar duela; azal bat egitea ez da bakarrik edukiak irudietara ekartzea, erredundantzia bailitzateke hori, testuaren interpretazio propio bat egin behar da.
Uste dut liburu baten azala irudi eder bat baino gehiago dela: komunikazio-tresna bat da. Hori ikusten du lehen-lehenik irakurleak, eta, sarritan, horren arabera erabakiko du liburua hartzea edo baztertzea. Beraz, diseinatzaileon erronka da liburuaren muina edo funtsa irudi bakar batean islatzea. Ez da dena kontatu behar, premiazkoa dena iradoki baizik. Azalak lotura sortu behar du hartzailearekin, liburuaren tonua helarazi eta jakin mina sortu behar du. Edukiarekin koherente izan behar du, baina, aldi berean, bisualki erakargarria eta berezia izan behar du. Azken finean, lehen orrialdea irakurri baino lehen hasten den esperientzia horren parte da azala.
Hori idazleei ulertaraztea kostatzen da? Nolakoa izaten da harremana haiekin?
Ez da beti samurra. Kontuan hartu behar dugu idazleak ehunka orrialde, milaka hitz behar izan dituela bere kontakizuna azaltzeko, eta azalak hori guztia islatzea nahi izaten du; are gehiago, eurek nahiko luketen azalaren zirriborroa ere edukitzen dute batzuek. Horregatik, lehendabiziko zeregina da haiei ulertaraztea argitaletxe bat ez dela inprimategi bat. Argitaletxean –eta beraz, nigan–, gure eskarmentuan eta gure jakintzan konfiantza jar dezaten konbentzitu behar ditugu. Ulertu behar dute beren liburua jantzi berri batez irtengo dela mundura, argitaletxe bereko, bilduma bereko beste lan batzuen konpainian, eta beste milaka libururen ondoan egon beharko duela merkatuan.
Ez daukat oso argi liburua aurretik irakurri izana zenbateraino den lagungarria azala diseinatzerakoan. Gainera, lan-epeak direla eta, ez da oso ohikoa izaten testua irakurtzeko aukera eta denbora nahikoa izatea. Nire kasuan, azalik onenak, gehien bete nautenak, editoreekin izandako elkarrizketa luzeen ondorio izan dira. Editoreek irakurria dute liburua, ondo ezagutzen dute, baina haien inplikazioa ez da egileena bezain pertsonala. Beraz, nahikoa harreman mugatua izan dut egileekin, baina, egon den kasuetan, oso onuragarria izan da. Egongo da, beti ere, azala batere gustukoa izan ez arren onartu behar izan duenik edo zapuztuta geratu den baten bat; horien kasuan, espero dut denborarekin bere egingo dituztela azalok.
Liburua gorde eta zaindu behar dugun babeslekua da”.
Pentsatzen dugu hamaika istorio eta pasadizo biziko zenituela azalen harira. Zein geratu zaizu barrenean iltzatuta eta zergatik?
Egoera bitxiak egon izan dira, bai. Gehien gogoratzen dudana libururik gabeko azal batena da. Azalduko dizut. Dagoeneko zendua den kazetari bilbotar batek liburu bat proposatu zion argitaletxeari, yankien Panamako inbasioaz, herrialde hartako euskal errefuxiatuez eta Laboa nuntzioaren paperaz. Urgentziako liburua zen, gertatu berri ziren jazoerekin lotua. Orrialde batzuk bidali zituen argitaletxera aurrerapen modura, eta, gainerakoaren zain zeudela, azala enkargatu zidaten. Egin egin nuen, onartu zidaten, eta orrialde kopurua zein izango zen jakiteko zain geratu nintzen inprimategira bidaltzeko. Denbora aurrera zihoan, ordea, eta testua ez zen heltzen. Egileak aitzakia gero eta sinesgaitzagoak erabiltzen zituen, harik eta esan zuen arte oso-osorik bidali zuela argitaletxera, bidean galduko zela eta, zoritxarrez, batere kopiarik ez zuela. Gaia ez zenez jada gaurkotasunekoa, ez zen libururik egon, eta azala gorde behar izan nuen. Tira, horretan pentsatzen hasita, gogoratu dut egile beraren beste liburu baterako beste azal bat ere egin nuela handik gutxira. Aurreko gauza bera ez gertatzeko neurri guztiak hartuko zituela esan zuen egileak, baina gauza bera gertatu zen, eta azal hura ere niretzat gorde behar izan nuen. Handik urtetara, hirugarren proposamen bat egin zuen, handizaleagoa, liburu bilduma bat. Orduko hartan, ordea, material guztia eskuratu arte ez zen batere pausorik eman. Eskerrak, materiala ez baitzen inoiz heldu; hala, ez nuen alfer lan gehiago egin behar izan.
Zaila izan al da diseinuari loturikoak argitaletxearen martxa eta merkatu legeei egokitzea?
Bi faktore izan ditugu alde: argitaletxe independentea izatea, eta harpidedunak edukitzea. Horrek aukera eman digu moden eta liburu dendetako salmenten hain menpe ez egoteko. Dena den, uste dut argitaletxea eta liburuak (eta beraz, haien diseinua) nahiko ondo moldatu direla industria editoriala den oihan horretan.
Zer feedback jaso izan duzu? Denetariko erreakzioak egonen ziren, mila azal baino gehiagoren artean.
Lan honekin benetan disfrutatzen badut ere, iruzurtiaren sindromean erortzen naiz batzuetan, diseinatzaile gehienok bezala; horri gehitzen badiogu besteen lana askoz hobea iruditu ohi zaidala… bada, ondorioa da ez naizela oso konforme geratzen nik egindakoarekin. Zorionez, beti dago «Aizu, oso ondo dago hori!» esaten didan ahotsen bat. Oro har, emaitza duina lortu dudala esango nuke, ditudan baliabide eta aurrekontuak kontuan hartuta.
Eta gero, badago nire lanaren alderik ezezagunena, liburuen barrualdea diseinatzea eta tipografia egokia aukeratzea: irakurketa errazteko, alferreko apaindurarik gabe, letra nabarmendu ez dadin. Oso ona da inork ez erreparatzea letrari; ondo ari naizela adierazten du horrek.
Azkenik, esan behar dut komentario on ugari egin dizkidatela azken oharrengatik. Horien edukia aldatuz joan naiz; hasieran datu teknikoak baino ez nituen jasotzen, geroago, ordea, badaude gertaera historiko edo klimatologikoen aipamenak, aktualitateko gertakizunak edo gorazarreak… baita datak, esaldiak eta esanahi pertsonalagoa duten oroimenak. Pentsatu nahi dut irakurleak azken orrialdeari begiratuko diola ezustekorik badagoen ikusteko.
Uste duzu ematen zaiola azalgintzari eta diseinuari oro har aski garrantzia? Irudiaren garaian bizi gara, baina ba al dakigu horiek estimatzen/balioztatzen/irakurtzen?
Argitalpen-diseinatzaile ofizioan hasi nintzenean, gurea irudi-sukaldaritza zela iruditu zitzaidan. Begira, Euskal Herriko gastronomia ezaguna da munduan eta chef izar ugari daude, gehienak gizonezkoak; hori, ordea, ez zen posible izango eguneroko jana ematen duten beste jatetxe asko ez baleude, emakumeek prestaturiko eguneroko jana. Emakume horien parekotzat dut neure burua: eguneroko menua prestatzen duen sukaldari bat. Lan kolektibo baten atal bat gehiago naiz.
Italian bada La lettura izeneko literatur gehigarri ezagun bat, non aipatzen dituzten liburuen azalak ere kalifikatzen dituzten. Baina gure inguruan ofizio berri samarra da diseinua, eta zenbaitetan ez da argi egoten non kokatu behar gaituzten jarduera profesionalen mapan. Ni neu pedagogia egiten eta zer egiten dudan ondo azaltzen saiatu naiz. Baina, oraindik ere, bada esaten duenik «hau da gure azal-egilea», «maketak egiten dizkiguna»… Saiatzen jarraituko dut.
Berritzeko gaitasun harrigarria da zure ezaugarrietako bat, diseinuaren ibilbide bat ikus daiteke Txalaprtaren 35 urteotako azalei begira. Zer-nolako bilakaera izan du diseinuak urteotan?
Urte hauek guztiak behaketa eta ikasketa urteak ere izan dira. Egunean egoten saiatu naiz, eta ez bakarrik diseinuaren arloan, ezpada ahalik eta diziplina gehienetan: asko irakurri, inguratzen nauenari erreparatu… jakin mina ez galdu. Eta, batez, ere, boladan dauden modetara ez makurtzen saiatu, nire azalak gauza izan daitezela biltzen duten liburuaren kontzeptua sintetizatzen.
Baina sumatu dut haize berriek mundua ikusteko modu zaharrak dakartzatela, literalismo berria dei dezakegun zer horrek gero eta indar gehiago duela alor guztietan. Grafismora ekarrita, ikusizko kontzeptu baten errepresentazio zuzena eta esplizituena baino ez ulertzea litzateke, eta traba nabarmena da metaforak, sinbolismoak edo abstrakzioak baliatu ahal izateko.
Diseinatzeko baliabide eta tresnek ere bilakaera nabarmena izan dute urte hauetan. Nola eragin du horrek diseinatzailearen lan egiteko moduan?
Nire lehen azalaz hitz egin dut lehen, bada, guztiz modu fisikoan, eskuz egin nuen; erakusketetan «teknika mistoa» esaten dioten hori: papera, aerografoa, tinta, fotokopiak, letrak banan-banan Letraset-ez… Neuk eraman nuen Bilbotik Tafallara, argitaletxeak oniritzia eman ziezaion. Eta handik fotomekanikara, Barañainera, bertan azken muntaketa egin eta inprimategirako materiala presta zezaten, hau da: fotolitoak eta kolore proba. Etxerako buelta geratzen zen oraindik, gauez, autobidearen aztarnarik ez zuen Sakanan zehar. Gaur egungo diseinatzaile belaunaldiei, seguruen, ezezagunak egingo zaizkie hiztegi eta geografia horiek, baina hala zen. Denborak aurrera egin ahala gauzak aldatuz joan ziren, mezulariak eta faxa hedatu ziren, ordenagailu pertsonalak askorentzat eskuragarriak bilakatu ziren, diseinurako programak hobetu ziren eta Internet agertu zen. Ondorioz, Sakanako autobidea egin zutenerako, nik ez nuen jada bidaia bat egin behar azal bakoitzarekin. Hori kontatu badut izan da azaltzeko guztiz aldatu direla lan egiteko moduak eta erritmoak, eta horrek eragin handia izan du nire lanean. Lehen, prozesuak luzeagoak ziren, zabalagoak produkzio-tarteak, eta zenbait emaitza gure kontroletik kanpo zeuden. Hala, landuago, jorratuago izan behar zenuen ideia hasi aurretik. Gaur egun prozesu horiek asko arindu dira; prozesu osoa kontrolatzen dugu, doiketak momentuan egin daitezke, emaitzak zehaztasun osoz prebisualizatu daitezke, tipografia eta konposizio ugari baliatu ditzakezu, hots, askoz denbora laburragoan eduki daitezke prest inpresiorako artxibategiak. Lehen, ofizioa baloratzen zen; gaur egun, egokitzeko gaitasuna. Dena den, erronkak eta ikaskizunak beti daude, garaian garaikoak.
Txalapartarako lehen eta azken azalak.
Nola ikusten duzu gaur egungo panorama? Adimen artifiziala ezin albo batera utzi, edo?
Aldaketa handiko garaiak dira, zentzu guztietan. Diseinuak bizi izan dituen eraldaketak aipatu ditut, baina gehienak lanerako tresnei zegozkien. Orain, adimen artifiziala dela eta, gauza bera dela eman dezake, tresna berri bat baino ez dela, baina beldur naiz hori baino askoz sakonagoa dela. Hasteko, praktika okerrak daude. AAren ereduak garatzeko, aldez aurretik entrenatu behar dira informazioarekin, literatur lanekin, arte lanekin, baina enpresa gehienek ez diete horien egileei baimenik eskatzen. Hala ere, txarrena etortzeke dago; uste dut –eta nahiago nuke oker egotea– gizarte berri honetan desinformazioak eta kontrolak zaurgarriago eta manipulagarriago egingo gaituztela. Zenbat eta sistema adimenduen menpekoagoak izan, orduan eta babesgabeago egongo gara huts egite, hackeatze edo itzalaldien aurrean. Garrantzitsua da azpimarratzea AAk gugandik ikasten duela, eta horrek are gehiago kezkatu behar gaitu. Horrexegatik uste dut liburua gorde eta zaindu behar dugun babeslekua dela.
Orain jubilatu egin zara. Zer asmo? Ez dugu sinesten ez duzula jolasten jarraituko…
Ez daukat erabat gelditzeko asmorik, baina erritmoa moteldu nahi dut. Dena den, egiteke ditudan gauzen zerrenda luzetxoa da. Denbora faltaz baztertu izan ditudan zenbait proiektu pertsonali heldu nahi diet; orain arte egin ditudan azalen kopuru zehatza ere jakin nahi dut, ez ditut sekula zenbatu eta jakin mina dut; mesanotxean pilatu zaizkidan liburu horiek guztiak irakurtzen joan… Eta, jakina, horrekin disfrutatu, gauza berriak ikasteari utzi gabe, eta, batez ere, epe jakin batzuk bete beharraren estresik gabe.
Garazi Arrula
Ane Eslava
Txalaparta aldizkarian argitaratua
2025eko uda
Artículos Relacionados
Related